Sokatira

Bi taldek, soka baten alde bietan jarrita bakoitzak bere aldera tira egitean datza kirol hau. Helburua, talde aurkaria aurrez zehaztutako marka edo puntu jakin batetik pasa araztea da. Puntu hori arraste-eremua deritzonean zehazten da eta arraste-eremuak bi metro t’erdiko luzera izan ohi du. Sokan eta zoruan, bietan markatuta egon ohi da eremu hau eta horrez gain, sokaren erdi-erdian zapi gorri bat ere egongo da. Talde bakoitzak bi metroko zabalera duen kalearen barruan tira egin behar izaten du eta partaideren bat hortik ateraz gero taldea deskalifikatu egiten da. Talde bakoitza 8 pertsonak osatu ohi dute eta 8 hauetako batek zuzentzen du taldea.

Pisuaren araberako proba ezberdinak egon ohi dira. Talde bakoitzeko partaideen pisuaren batura kontuan hartuta, 525, 560 eta 720 kg-tako kategoriak daude batetik eta pisu librekoak bestetik.

Sokari bi eskuekin heltzen zaio eta debekatuta dago gerrian edo sorbaldaren bueltan lotzea, azkeneko posizioan tira egiten duenaren kasuan izan ezik.

Desafioak bi tiralditara jokatu ohi dira eta lehenbizikotik bigarrenera taldeak aldez aldatuko dira, lehia ahalik eta parekatuena izatekohelburuarekin. Horrela alde batean egon daitezkeen abantaila edo irregulartasunen eragina bi taldeek berdin aprobetxatu edo jasan beharko dute. Berdinketaren kasuan, talde aurkaria herrestan eramateko denbora gutxien behar izan duenaren aldekoa izango da epaia.

Ohituraz Euskal Herrian sokatira probak nagusiki frontoietan eta plazetan jokatzen baziren ere, egun nazioarteko modalitate zabaldunera ere egokitu dira euskaldunak, alegia, belar gainean jokatzera. Frontoietan eta plazetan gomazko abarkekin jokatu ohi dira probak baina belar gainekoa bota ferratuekin jokatu ohi da.

Kirol hau antzinatik da ezaguna eta egun hedadura geografiko zabala du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude