Euskal Herriko I. Sega-sail Lehiaketa

Aurten, ekitaldi eta lehiaketa ugari gelditu dira bertan behera bizi dugun egoera dela eta, horien artean, nazioarteko taldekako sega-txapelketa edota euskal federazioek antolatu ohi dituzten txapelketak. Almitza Elkarteak aurtengo urtean nazioarteko eran bi ekitaldi antolatu dituen arren, datorren iganderako, urriak 25, antolatu duena erronka berezia izango da: Euskal Herriko I. Sega-sail Lehiaketa. Berritzailea izango da, belarrik ez baita pisatuko besteak beste. Hernaniko Jauregi jatetxearen belardian jokatuko da eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Lehen edizio honetan 8 segalarik hartuko dute parte, lau emakumezkok eta lau gizonezkok. Emakumezkoenean Irati Astondoa, Alaitz Imaz, Malou Henriksen eta Ainara Otamendi arituko dira lehian eta gizonezkoenean berriz, Iban Pardo, Iñigo Merkader, Julen Gabirondo eta Mikel Lizartza.

Modalitate berria

Ohiko txapelketekiko berrikuntzak izango ditu modalitate honek. Ez da belarrik pisatuko eta sailak ahalik eta azkarren eta txukunenen ebakitzea izango da egin beharreko lana. Segalari bakoitzak bina belar biltzaile izango ditu eta ebaki ahala bistaratutako akatsak hurrengo mailarekin hasi aurretik txukundu beharko ditu segalariak. Gizonezkoek 1000 metro karratuko sailak ebakitzeko lana burutu beharko dute, emakumezkoek berriz 400 metro karratukoak.

Osasun-larrialdi egoerak eskatzen dituen baldintzak betetzeko, segalari bakoitzak laguntzaile-zorroztaile bakarra eta epaile bakarra izango ditu.

Hemen irakur daiteke Araudia osorik.

Txapelketa berritzaile honen formatua eta araudia zenbait segalari eta sega munduko eragilerekin bilduta aztertu eta adostu ditu Almitza Sega Elkarteak. Momentuz ez du ofizialtasunik txapelketa honek baina horrek ez dio ikusgarritasunik kentzen. Gogoz eta ilusioz heldu dio Almitzak garai zail hauetan erronka berri honi eta ziur dago ikusle eta jarraitzaileen aldetik ere erantzun ona izango duela.






Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude