Belarra ebakitzearen kirolak, beste hainbat herri kirolen gisan, baserriko lanetan du jatorria.
Euskal Herriko orografia nahasiaren ondorioz, euskaldunak ez du bere sail guztietara belar moztaile mekanikoak sartzeko aukerarik izan, haran zabal eta handiko herrialdeetan gertatu ohi den legez. Beraz, sega baliatu behar izan du lan horietarako eta ondorioz ezinbestean trebatu da segarekin.
Landa inguruneko testuinguru honetan hasten dira sortzen lehen desafioak, belarra ebakitzen trebeena nor den edota belar azalera handiena nork ebakitzen duen ikusteko. Segalarien arteko lehiaketak ordea nahiko berriak dira, XVIII. mendera bitarte Euskal Herriko mendiak basoz beteta baitzeuden.
Sega
Lanabes honek diseinu landu baten beharra dauka errendimendu ona eskaintzeko. Aihotzak eta kirtenak osatzen dute sega. Aihotzak erradio handiko arku baten forma dauka eta altzairuzkoa izan ohi da, gogorra eta iraunkorra izateko. Bertan hiru zati bereizten dira:
1- Ahoa
2- Ertza
3- Burua (kirtena lotzeko ahokadura bat izaten duena)
Kirtena zurezkoa izaten da, eta bere luzeraren erdialdean helduleku bat izan ohi du.
Sega guztiek itxura batean forma berdina dutela dirudien arren heldulekuan eta aihotzaren makurduran ezberdintasunak izan ohi dituzte normalean. Sega komertzialen neurriak, 120-180 zm luzeran eta 80-92 zm aihotzarenak izaten dira, loturaren lekuan aihotzak 10 cm izaten dituelarik zabaleran. Lehiaketetan erabiltzen diren segak ordea pertsonalizatu egin ohi dira.
Historia
Gogoan den lehen euskal segalaria XIX. mendearen erdialdekoa da, Jose Iturrioz “Labisu”, asteasuarra sortzez eta gor-mutua. Gorputz eta pisu handiko gaztea baserrietan lan egiteko oso estimatua zen. 1.880. urte aldera, garai hartako bertsolarien erreferentziei esker, Iturriotzen jokatu zen sega-apustu baten berri ere bada: Aiako Izuelaren eta izenik ezagutzen ez dugun beste baten artekoa. Dena den, berri zehatzak ditugun lehen sega-lehia Izuelaren eta Zarauzko Isasti baserriko Uriaren
artekoa izan zen. Usurbilen jokatu zen eta bigarrena izan zen garaile. Pedro Maria Otaño “Santageda” ere, aizkolari bezala ezagunagoa izan arren, garaiko segalaria izan zen.
Erronka historiko bat aipatzekotan, 1925eko irailaren 28an Pedro Mendizabal “Lokate”k eta Jose Arrieta “Prantsesa”k Iturriotzen jokatua aipatuko genuke. Zazpi mila pertsona inguru bildu ziren lehia ikustera eta zaletuen artean egindak apustuetan garai hartako 150.000 pezetako kopurua gainditu zen.
Hogei eta hogeita hamarreko hamarkadetan, aipatutakoez gain, beste izen batzuk ere nabarmendu ziren, hala nola, Florentino Mayoz eta Juan Kortajarena “Ondartza” asteasuarrak, Juan Maria Mendizabal edota Migel Antonio Otaño Santageda handiaren semea. Bitxikeria gisa aipatu, garai honetan sega apustu ugari futbol zelaietan jokatu zirela, maiatzetik aurrera ez baitzen partidurik izaten eta erabili gabeko tarte horretan hazitako belarra ebakitzeko aprobetxatzen ziren sega-apustuak. Horretaz gain, partzelak mugatzeko eta ikusleek ikusmira ona izateko ere aukera ona izaten zen.
Berrogeiko hamarkadan, gerra zibilaren ondorengo urteak izaki entretenimenturako aukera gutxi zenez, sega-apustuek ikusle ugari bildu zituzten. Bi apustu aipatzearren, 1943an Pedro Huegunek eta Secundino Egigurenek jokatutakoa batetik eta Serapio Mujika “Lizume”k eta Domingo Usandizaga “Ibiya”k jokatutakoa bestetik aipatuko genituzke. Bi ordukoak izan ohi ziren apustuak eta azken honetan esaterako Ibiyak 5.533kg eta Lizumek 5.002kg moztu zituzten.Berrogeita hamarreko hamarkadan bi apustu jokatu zirenUsurbilen Oria ibaiaren erdian dauden bi uharteetan: Sumaokoan eta Zumaburukoan. Azken honetan egin zen ezagun 1955ean gerora urte askoan txapeldun handia izango zen Eleuterio Tapia asteasuarra. Aldi berean, Migel Irazusta Goikoetxea “Polipaso”ren debuta izan zen. Nabarmendu ziren segalari gehienak gipuzkoarrak ziren eta ondorioz zalerik gehienak ere ingurukoak ziren. Asteasu esaterako segalari handien sorlekua izan da. 1957an Jose Txapartegi Vitoria “Izurtzu” asteasuarraren eta Polipasoren arteko apustua jokatu zen eta jendearen harridurarako Izurtzu suertatu zen garaile 8.955 kilo belar ebakita.
Hirurogeigarren hamarkadan ere, aipatutako segalariak nabarmendu ziren. 57ko apustuari errebantxa jokatuz berriz ere lehiatu ziren Izurtzu eta Polipaso, oraingoan Jauregi baserriko zelaian, oraingoan Polipaso gailendu zelarik. 1964an, inoiz jokatu den apusturik berdinduenetako bat jokatu zuten Jose maria Zulaika “Paskualsoro”k eta Jose Aburuza oiartzundarrak. Paskualsoro gailendu zen bi orduko jardunean.
Apustu bat jokatzen lehenbiziko emakumezko segalariaren erreferentzia berriz, 1967. urtekoa da. Maria Asuncion Azeok eta Antonio Larrazak jokatutakoa hain zuzen. Ordubeteko lanaren ostean, mutilak neskaren belar kilo bikoitza ebaki behar zuen. Larrazak 2.325 kilo ebaki zituen, Asuncionek, berriz, 1.896 kilo, apustua irabaziz. Hilabete batzuk geroago garai hartako segalaririk onenetakoa zen Polipasorekin jokatu zuen, aurreko apustuaren baldintza berdinetan. Polipasok 2.193 kilo ebaki zituen, eta, Asuncionek, aldiz, 1.652 kilo, berriro ere garaipena eskuratuz. Emakumezko batek jokatutako hurrengo apustua ordea, ez zen jokatu 2013. urtera arte. Anoetan jokatu zuten Irati Astondoak eta Joakin Garmendiak, oraingoan bi aldeek baldintza berdinetan. Joakin Garmendia izan zen garaile. Handik bi urtera berriz, bi emakumezko segalariren historiako lehen desafioa jokatu zen. Aizkoran eta segan, bietan egin behar izan zuten Irati Astondoak eta Alatzne Etxaburuak. Aizkoran, Irati Astondoa aurretik izan bazen ere, Alatzne gehiago izan zen segan. 1496 kilo belar ebaki zituen guztira Alatznek eta 1279 kilo Astondoak. Alatzne Etxaburua izan zen garaile.
Dena den, 1965etik aurrera, Euskadiko Txapelketak jokatzen hasi zirenetik, apustuak gutxituz eta egun Euskal Herriko modalitatea bezala ezagutzen dena definituz eta arautuz joan zen.