Badator Euskal Herriko Bakarkako IX.Sega-ligaxka

18449473_1695896797104822_756450315321318166_o

2018an ere ez du hutsik egingo sega-ligaxkak eta parte hartzera animatzeaz gain beraren berri eman nahi dizuegu. Hiru ekitaldik osatuko dute aurtengo ligaxka eta oraindik xehetasun guztiak zehaztu gabe dauden aurren, momentuz daukagun informazioa zabaldu nahi dizuegu. Finkatutako datak eta ekitaldiak honako hauek izango dira:

  1. Lehen saioa: 2018/05/26an Etxalekun (Nafarroa) jokatuko da arratsaldeko 17h00etan.
  2. Bigarrena: 2018/07/01ean jokatuko da baina lekua zehazteke dago oraindik.
  3. Hirugarrena: 2018/07/29an Altzon (Gipuzkoa) goizeko 11h30ean herriko plazan

Sega Liga honetan parte hartu nahi duten segariek MAIATZAREN 21erako eman beharko dute izena. Ligaxkan izena emateko honako bitarteko hauen bidez egin dezakezue: telefonoz: 619270832 zenbakira deituta edo eta almitzasega@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Horretaz gain, lehenengo saioan, gure datu basea osatze aldera orri bat banatuko dugu parte hartzaileen datuak biltzeko.

Lehiaketaren Formula

Segari bakoitzak bere kategoriari dagokion azalera duen saila ebaki beharko du. Lan hori ahalik eta  azkarren eta txukunen burutu beharko da, bi ezaugarriak puntuatuko baitira (bizkortasuna eta txukuntasuna). Kategoria bakoitzari dagozkion lanak honela banatuko dira:

  • Gaztetxoei dagokienez:
    2008an jaiotakoek eta gaztegoek 2 X 2 m
    2006 eta 2007an jaiotakoek 4 X 4 m
    2004 eta 2005ean jaiotakoek 7 X 5 m
    2001ean edo geroago jaiotako neskek 7 X 5 m
    2001ean edo geroago jaiotako mutilek 5 X 10 m
  • Helduei dagokienez:
    Emakumezkoek 7 X 5 m
    Gizonezkoek 10 X 10 m

Antolaketa

Sega-Ligaxkako saioen antolaketa ALMITZA Sega Elkartearen ardura izango da eta epaile taldea izango da lekuaren ikuskatzea eta zozketa egingo dituena. Sailen zozketak berriz, saioa izango den egunaren bezperan izango dira, Etxalekuko saioan izan ezik, hau saioa egingo den egunean bertan, eguerdian egingo da.

Bajak

Segariak, nahiz eta izena emanda egon, sega saioren batean PARTE HARTZERIK EZ BADU, saioa izango den aste horretako ostegunerako jakinarazi beharko du. Norbaitek bajaren berri ematen ez badu automatikoki galduko du Sega-ligaxka honetako beste edozein saiotan parte hartzeko aukera. Hala nola, bajaren justifikazio zehatzik ez badago ere horrela izango da.

Sailkapena eta puntuaketa

Saio guztietako puntuaketaren batuketa izango da sailkapena emango duena.

Sariak

Saio bakoitzean, laguntzaileen araberako sariak egon daitezke. Azken saioan parte hartzaile bakoitzari diploma eta oroigarri bana emango zaio.

2018ko Araudia