Almitzari buruz

Almitza Sega-elkartea 1996an hasi zen talde gisa elkartzen. Zaldibia (Gipuzkoa) bilgune harturik, sorreran batik bat, Europa aldean antolatu ohi diren sega txapelketetan parte hartu edo lehiatzen hastea izan zuen lehenbiziko jomuga. Gerora, helburu hori garatze aldera, 2001. urtean elkarte ofiziala eratu zen.

Almitzak, era askotako ekitaldiak antolatu ditu urte guzti hauetan zehar: jaialdiak, apustuak, txapelketak… Antolatu izan dituen eta parte hartu izan duen ekitaldi guztietan Euskal Herriaren herri-izaera ezagutarazi nahi izan du; hori dela eta, sega-taldeaz gain beste hainbat kultur eragile (dantzari, musikari…) eta kirolarirekin (harrijasotzaile, aizkolari, trontzalari…) osatu izan ditu ekitaldiak, etxean zein nazioartean.

Urte hauetan zehar, sega munduan eskarmentu handia duen jendea aritu izan da Almitzan lanean, honako helburu hauekin nagusiki:

1.- Sega elkartea den heinean, herri kirola eta segalaritza sustatzea segalari gazteak ere kirol honetan trebatzera bultzatuz.
2.- Bereziki nazioartean baina baita Euskal Herrian bertan ere, gure herri izaeraren ezaugarriak erakustea.

Hemengo sega tradizioa aspaldikoa den arren, nazioartean ere sega txapelketak egiten zirela jakiteak interes eta jakin min handia piztu zuen elkarteko kideengan. Geroztik asko izan dira Europako hainbat herrialdetara egindako bidaiak eta etxera ekarritako sariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude