Aizkora

Gainerako euskal herri kiroletan bezalaxe, aizkora proben jatorria ere langileen (baso-mutilen) arteko desafioetan dago. Dena den, gaur egun ezagutzen ditugun lehietan, helburua enbor bat edo gehiago aizkoraz ahalik eta denbora gutxienean moztea da, eta banaka, binaka edo taldeka lehiatu daiteke. Enborra zutik edo etzanda egon ohi da.

Aizkolari deitzen zaio kirol honetan diharduenari. Apustuetan bi laguntzaile izaten ditu ondoan: erakuslea, kolpea non jo aholkatzen diona, eta botileroa. Txapelketetan ordea, askotan, laguntzailerik gabe aritzen dira.

Probetan erabilitako egurra pago berdea izan ohi da, ageriko adabegirik gabe. Esperientzia luzeak beste edozein egur-mota baztertu du, pagoa euskal mendietako espezie arruntena izateaz gain, ezaugarri egokiak ditu aizkorarako.

Egurraren gogortasuna apustua hitzartu deneko baldintzen menpe egongo da. Parte-hartzaile bakoitzak bere ezaugarriei egokien doakion edo aurkaria gehien kaltetu dezakeen materiala aukeratuko du.

Apustu, lehiaketa eta txapelketetan enbor-kopuru jakin bat ebaki behar da, eta garailea horretarako denbora gutxien beharko duena izango da. Arau orokor honetan oinarrituta, aldaera ugari daude, betiere parte-hartzaileen arteko borroka parekatzeko asmotan, lehia estuagoa izan dadin.
Australia eta Kanadako lehiaketetan ez bezala, euskal aizkora-probak gehiago dira iraupeneko lehiaketak abiadurakoak baino. Oso gutxitan izaten dira ordu erdikoak baino laburragoak eta askotan izaten dira ordubetetik gorakoak.

Erabilitako enborren lodiera zirkunferentzia-ontzatan neurtzen da. Neurriak 36 ontzaren (oinbetekoa) eta 72 ontzaren (oinbikoa) artean ibili ohi dira. Ohikoena 54 ontzakoa izan ohi da.

Aizkora proben gaineko lehenbiziko erreferentzia idatzia 1802ko ekainaren 7koa da, Ezkurrako Ramon Elizaldek eta Astigarragako Hernandorenak jokatutakoa. Ramon izan zen garaile. Geroxeago Benancio Elortza Oñaederra “Iru-Erreketa” eta “Zelai Luze”-ren izenak ere nabarmendu ziren.

Egun jokatzen diren txapelketarik ezagunenak Euskadikoa, Gipuzkoa eta Nafarroakoa, Bizkaiko irekia, Urrezko Aizkora eta Donostiako urrezko kopa dira.

Azken urteotako aizkolari ezagunenen artean Mikel Mindegia, Joxe Mari Olasagasti, Donato Larretxea, Floren Nazabal eta Iñaki Azurmendi aipa genitzake besteak beste. Emakumezkoetan berriz, Itziar Goenaga, Kristina eta Maribi Saralegi eta Maika Ariztegi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude