Euskal Herriko modalitatea

Modalitate honen gakoa, denbora jakin batean ahalik eta belar kilo gehien ebakitzean datza. Hori neurtzeko, ebakitako belarra pisatu ohi da ondorenean eta kilo gehien pisatu dituena izango da garaile. Segalariak laguntzaileaz gain, ebaki duen belar hori bildu eta pisatzeko talde baten laguntza izan ohi du. Segaren ezaugarriei dagokienez, aihotza 1,18 eta 1,24 metro bitartekoa izan ohi da.
Mende hasieran bi orduko apustuak ohikoak ziren arren, egun ordubeteko probak izan ohi dira. (Xehetasun gehiagorako ikus Euskal Herriko herri-kirol federazioaren araudia hemen)

Euskadiko Txapelketak
1965ean hasi ziren nolabaiteko maiztasunez Euskadiko Sega-Txapelketak jokatzen. Apustuetan bi segalari bakarrik aritzen ziren bitartean, txapelketetan garaiko segalari onenek hartzen zuten parte. Lehen txapelduna Benito Otegi Usandizaga izan zen eta jarraian etorri ziren Bernardo Irastorza, Jose Martin Agirre “Endañeta” eta Jose Inazio Orbegozo “Arria”. Hurrengo hamarkadan izen berri gehiago nabarmendu ziren: Jose mari Elizegi, Jose Aburuza, Juan Jose Irazusta, Uzkudun, Antton Erauskin “Etxetxo”, Juan Mari Agirrezabala, Josean Arregi eta Sansinenea beste askoren artean.
Larogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan bi gipuzkoar berriren izenak nagusitu ziren bereziki: Joxe Gabirondo Gaztelukoarena eta Iñaki Bengoetxea irundarrarena.
1994an ordea, Gabirondo eta Bengoetxea finaletik kanpo zirela txapelketa benetan ziragarria jokatu zen Bixente Mitxelena eta Antton Erauskin “Etxetxo”ren artean. Lehena izan zen garaile kilo erdiko abantailagatik. Segalaritzaren aro berri baten hasiera zela esan daiteke, Mikel Aranalde eta Jon Lapazaran segalari gazteagoen izenak ere entzuten hasi ziren. Dena den, 1995ean Joxe Gabirondo izan zen txapeldun Hernaniko Jauregi baserriko zelaian jokatu zen txapelketan.
1997an Euskal Federazioak arau berri bat aplikatu zuen: sega laguntzaileak sega zorroztu zezakeen. Erabaki honen ondorioz, Bengoetxeak eta Etxetxok ez zuten parte hartu urte horretako txapelketan eta lehenbiziko aldiz txapela Bizkaira joan zen Jon Lapazaranen eskutik.
1998an lehiaketa sistema aldatu zen eta final aurretik jokatutako kanporaketen bidez eskualde bakoitzetik finalera sailka zitekeen parte hartzaile kopurua mugatu zuten: bi gipuzkoar, bi bizkaitar, bi arabar eta nafar bat. Erabaki hau ez zen gipuzkoarren gustukoa izan.
1999an berriz ere sailkatze-sistema aldatu zen. Eskualde bakoitzetik bina finalista sartzeko aukera kendu eta aurreko urteko sailkapenen araberako aurre-kanporaketak ezarri ziren. Sei jardunen ondoren Larraitzen jokatu zen finala eta Mitxelena izan zen garaile astebete lehenago Gipuzkoako txapelketa irabazi ondoren.

Azken urte hauetan, desafioak edo apustuak gutxitu badira ere, Euskadiko Txapelketa urtero jokatzen da eta 2013. urtetik emakumezkoen modalitatea ere badago. Hona hemen 1991tik Euskadiko txapelketako txapeldun suertatu diren segalarien zerrenda urtez urte:

  • 1991  Joxe Gabirondo
  • 1992 Joxe Gabirondo
  • 1993 Iñaki Bengoetxea
  • 1994 Bixente Mitxelena
  • 1995 Joxe Gabirondo
  • 1996 Antton Erauskin “Etxetxo”
  • 1997 Jon Lapazaran
  • 1998 Mikel Aranalde
  • 1999 Bixente Mitxelena
  • 2000 Bixente Mitxelena
  • 2001 Bixente Mitxelena
  • 2002 Jon Lapazaran
  • 2003 Jexux Mari Ormaetxea “Urki”
  • 2004 Bixente Mitxelena
  • 2005 Juan Manuel Erasun
  • 2006 Andoni Goikoetxea
  • 2007 Jon Lapazaran
  • 2008 Arkaitz Arteaga
  • 2009 Juan Joxe Lizaso
  • 2010 Jexux Mari Ormaetxea “Urki”
  • 2011 Juan Joxe Lizaso
  • 2012 Jexux Mari Ormaetxea “Urki”
  • 2013 Igor Esnaola (G) /Alatzne Etxaburua (E)
  • 2014 Igor Esnaola (Giz.) / Alatzne Etxaburua (E)
  • 2015 Julen Gabirondo / Alatzne Etxaburua (E)
  • 2016 Igor Esnaola (Giz.) / (-)
  • 2017 Julen Gabirondo (Giz.) / (-)
  • 2018 Julen Gabirondo (G) / Alatzne Etxaburua (E)
  • 2019 Iban Pardo (Giz.) / (-)
  • 2020 Ez zen jokatu COVID-19aren pandemiagatik
  • 2021 Julen Gabirondo (Giz.) / (-)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude