Europako modalitatea

Modalitate honetan, Euskal Herrikoan ez bezala, azkartasuna eta txukuntasuna neurtzen dira, alegia, ez da ebakitako belarrik pisatzen, nola eta zenbat deboran ebakitzen den hartzen da kontuan. Horrez gain, emakumezkoen eta gizonezkoen kategoriatan edo sega tamainaren araberako kategoriatan banatzen dira lanak. Sega txikiarekin egin beharreko lana denean 90zm-koaz ari gara, gainerakoan neurri librekoa izan ohi da, kasu bereziren bat salbu.

Azalera jakineko saila ebaki ondorenean epaileek segalariek egindako lana baloratu behar izaten dute. Balorazio honen barne penalizazioak egon daitezke: txukuntasun faltagatik, arau hausteren batengatik etab. Penalizazio hauek denbora unitatean gehitzen dira, alegia, saila ebakitzen pasatako denborari penalizazioei dagokien denbora gehitzen zaio eta beraz, guztira denborarik gutxiena duena izango da irabazle.

Euskal Herrian nazioarteko eran jokatzen diren txapelketa eta jaialdietako araudia hemen ikus dezakezue:

Bakarkako araudia

Taldekako araudia

Nazioarteko Txapelketak

Txapelketa hau 1969 an ospatu zen lehen aldiz Bayer eta Tirolgo segalarien artean. Piskanaka Alpeetako beste herrialde batzuk ere sartuz joan ziren eta hainbat urtez Alpeetako txapelketa izenez ezagutu izan da. Almitzaren lan eskergari esker ordea, 1996tik Euskal Herriak ere parte hartu izan du txapelketa honetan eta 2005ean Europako Txapelketaren izena eman zitzaion.

Egun honako herrialde hauek parte hartzen dute: Alemaniak, Austriak, Hego Tiroekl, Eslobeniak, Eslobakiak eta Euskal Herriak. Frantziak ere parte hartu izan du noizbait. Dena den, parte hartuko nahiko luketen beste herrialdeetara ere zabalik dago aukera.

Urtero herrialde ezberdin batek hartu ohi du Europako Txapelketa antolatzeko ardura. Urte bikoitietan taldekako txapelketa izaten da. 4 segalariz osatutako taldeak izaten dira eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak bereizi ohi dira. Kategoriaren arabera ebaki beharrekoa honakoa izaten da:
• Gizonezkoek: 200 m2.
• Emakumezkoek: 120m2

P5293682

Taldekako txapelketan sailak luzetara prestatu ohi dira normalean eta aldiko taldekide bat aritu ohi da segan. Taldekide bakoitzak ebaki beharreko azalera berdina izaten da taldekide guztientzat eta segalari bakoitzak bere lana amaitzean hurrengo taldekideak hartu ohi du jarraian erreleboa.

Urte bakoitietan berriz, banakako txapelketa jokatzen da eta herrialde bakoitzetik gutxieneko parte-hartzaile kopuru bat derrigorrezkoa izan ohi da: 10 gizonezko eta 5 emakumezko. Kategoria bakoitzean ebaki beharrekoa:
• Gizonezkoek 100m2
• Emakumezkoek 35m2

Euskal segalariek behin baino gehiagotan lortu izan dituzte postu onak nazioarteko txapelketetan. Hona hemen orain artean Almitzaren bitartez euskal ordezkaritza izan den txapelketen zerrenda:

  • 1996an Europako Txapelketan taldeka Enzklösterlen (Alemania)
  • 1997an Europako Txapelketan bakarka Neubeuernen (Alemania)
  • 1998an Europako Txapelketan taldeka Enzklösterlen (Alemania)
  • 1999an Europako Txapelketan bakarka Kranjen (Eslovenia)
  • 2000n Europako Txapelketan taldeka Baiersbronn-en (Alemania)
  • 2003an Europako Txapelketan bakarka Seguran (Euskal Herria)
  • 2005ean Europako Txapelketan barkaka Herisau-n (Suitza)
  • 2008an Europako Txapelketan taldeka Irndorf-en (Alemania)
  • 2009an Europako txapelketan bakarka Thundorf-en (Suitza)
  • 2011an Europako Txapelketan bakarka Cerklje na Gorenjskem-en (Slovenija)

Europako txapelketan parte hartzeko taldea osatzeko, Almitzak ligaxkak antolatu ohi ditu udaberri partean Euskal Herrian.

Tolosa2006