Harri-jasotzea

Harri bat, inolako lanabesen laguntzarik gabe, lurretik sorbaldaraino jasotzean datzan herri kirola da. Jarduera hau burutzen duen kirolariari harri-jasotzaile deitzen zaio. Jasoaldia gorputzaren aurrealdetik egin behar da eta harri-jasotzaileak berari egokiak derizkion jantziak erabili ahal izango ditu. Harria jasotzailearen gorputzaren albo batera edo atzealdera ateratzen bada, jasoaldia ez da balizkoa izango. Epaile batek hasiera eta bukaera ematen dizkio jarduerari eta beste batek jasoaldiak balizkoak diren neurtzen du. Jasoaldia oinarri lau baten gainean egin beharko da.

Harri-jasotze proba ezberdinak egiten dira. Kasu batzutan ahalik eta kilorik gehien jasotzea izan ohi da eta beste batzutan berriz, denbora jakin batean ahalik eta jasoaldi gehien egitea izan ohi da.

Harriak laukizuzenak, zilindrikoak, kubikoak edo esferikoak izan daitezke eta modalitatearen arabera, pisu gehiago edo gutxiago izan ohi dute.

Harri handien txapelketetan:

  • Harri zilindrikoak 175 edo 200 kilo
  • Laukizuzenak ere 175 edo 200 kilo
  • Kubikoak 150 kilo
  • Biribilak 125 kilo

Harri txikien txapelketetan:

  • Zilindrikoak 150kilo
  • Laukizuzenak 125 kilo
  • Kubikoak 113 kilo
  • Biribilak 100 kilo

Mieltxo Saralegik du orain arteko harririk pisutsena jaso izanaren marka: 329 kiloko harri laukizuzena. Bere aurretik, Iñaki Perurenak zuen markarik onena 322 kilokoarekin.